Home

Artistas

Oxabi

Biografía

2006. urtean sortu zen Oxabi erromeria taldea, Jon Eguskiza, Aritz Uriarte eta Jon Gomez musikari eta lagun galdakoztarrek, herrian eta inguruetako jai-giroan erromeri euskaldun eta gazte bat falta zenaren ardura zutelako. Halaxe ekin zioten ibilbideari, hortik gutxira, Urtzi Enrikez eta Asier Balentzia lagunak proiektura batu zirelarik.

2009. urtean, Galdakaoko Gazte Eguneko abesti ofiziala sortu zuten Arkaitz Estiballes bertsolariaren hitzekin, Mallorkan bira bat eskaini zuten eta urte bereko maiatzan Ibilaldiako kartel nagusia osatu zuten, besteak beste, Anje Duhalde, Sagarroi eta Esne Beltza musika taldeekin batera.

2011n, bost urte Euskal Herri osotik kontzertuak eta kale animazioak eskaintzen ibili ostean, Oxabi erromeria taldea bueltan zen agertokietako formatu berriarekin. Batera- ezintasun arazoegatik, Uriarte, Enrikez eta Balentziak taldea utzi behar izan zuten eta hasierako beste bi taldekideei (Jon Eguskiza trikian eta Jon Gomez ahotsean), Mikel Urrutia (bateria), Markel Arevalo (baxua), John Learreta (gitarra), Gaizka Jimenez (tronpeta) eta Eneko Arraibi (saxofoia) musikariak gehitu zitzaizkien.

2015ean berriz, inoiz baino indartsuago dator Oxabi: errepertorio moldatuarekin, ikuskizun biziarekin eta fitxaketa berriarekin: Adrian Lopez tronpetarekin!

Gainera, ohore ezin handiagoa izan zuen taldeak, geroztik ehun kontzertutik gora eskaintzeaz gain, San Mames Barria zelaiaren erdigunean jotzen lehenengo taldea izan baita (Athleticen Kopako Finalean eta Gure Esku Dagoren ekitaldian eskaini zituzten kontzertuak), eta Doctor Deseo, Gatibu, Enkore, Itziarren Semeak… eta beste hainbat taldeko lagunekin batera kontzertua eskaini zuten Bilboko Areatzan.

2017an ere zer esana ematen jarraituko du Oxabik, geldirik inor ez uzteko asmoarekin! Horixe duzu Galdakao eta Gernikako musikari gaztez osatutako erromeria talde euskalduna: OXABI, kantatzen duen Herria ez baita inoiz hilko!