Home

Artistas

Oxabi

Biografia

2006. urtean sortu zen Oxabi erromeria taldea, Jon Eguskiza, Aritz Uriarte eta Jon Gomez musikariek, eta lagun galdakaotarrek herrian eta inguruetako jai-giroan erromeria euskaldun eta gazte bat falta zenaren ardura zutelako. Halaxe ekin zioten ibilbideari, hortik gutxira, Urtzi Enrikez eta Asier Balentzia lagunak proiektura batu zirelarik.

2009. urtean, Galdakaoko Gazte Eguneko abesti ofiziala sortu zuten Arkaitz Estiballes bertsolariaren hitzekin, bira bat eskaini zuten Mallorkan eta urte bereko maiatzean Ibilaldiako kartel nagusia osatu zuten, besteak beste, Anje Duhalde, Sagarroi eta Esne Beltza musika taldeekin batera.

2011n, Euskal Herrian zehar kontzertuak eta kale-animazioak bost urtez eskaini ostean, bueltatu egin zen Oxabi erromeria taldea, agertoki-formatu berriarekin. Bateraezintasun-arazoengatik, Uriartek, Enrikezek eta Balentziak taldea utzi behar izan zuten eta hasierako beste bi taldekideei (Jon Eguskiza trikitixan eta Jon Gomez ahotsean), Mikel Urrutia (bateria), Markel Arevalo (baxua), John Learreta (gitarra), Gaizka Jimenez (tronpeta) eta Eneko Arraibi (saxofoia) musikariak gehitu zitzaizkien.

2015ean inoiz baino indartsuago bueltatu zen Oxabi, errepertorio moldatu batekin, ikuskizun bizi batekin eta fitxaketa berri batekin: Adrian Lopezen tronpeta!

Gainera, ohore ezin handiagoa izan zuen taldeak, geroztik ehun kontzertutik gora eskaintzeaz gain, San Mames Barria zelaiaren erdigunean jo duen lehenengo taldea izan baita (Athleticen Kopako Finalean eta Gure Esku Dago ekitaldian eskaini zituzten kontzertuak). Horrez gian, kontzertu bat eskaini zuten Bilboko Areatzan Doctor Deseo, Gatibu, Enkore, Itziarren Semeak eta beste hainbat taldeko lagunekin batera.

2017an ere zer esana ematen jarraituko du Oxabik, geldirik inor ez uzteko asmoarekin! Horixe duzu Galdakao eta Gernikako musikari gazte hauek osatutako erromeria talde euskalduna: OXABI, kantatzen duen Herria ez baita inoiz hilko!